Nafarroa Oinez Nafarroako
Ikastolen jaia da. Urtero Nafarroako ikastola ezberdin batek hartzen du
bere gain jai honen antolakuntza eta 80.0000-100.000 pertsonen artean
biltzen ditu. Egun horretarako, zazpi bat kilometroko ibilbidea prestatzen
da, eta bertan gune desberdinak kokatzen dira, adin eta gustu
guztietarako, gorputz eta gogo behar guztiak asebetetzeko. Kirol eta
kultur programazio zabala eskaintzen da, eta jateko eta edateko txosnak
nonahi aurkitzen ahal dira.
Lehenbiziko Nafarroa Oinez
1981ean antolatu zen. Garai hartan, Altsasuko Iñigo Aritzak hartu zuen
antolatzeko ardura, aurreko inolako esperientziarik gabe. Baina, hain izan
zen arrakastatsua, non urtero jarraipena izan baitu. Gainera, Euskal
Herriko beste lurraldeetara ere zabaldu zen, bakoitzean izen eta nortasun
propioa hartuz: Bizkaian, Ibilaldia; Gipuzkoan, Kilometroak eta Araban,
Araban euskaraz.

Jaiaren antolaketa txandakatu egiten da Nafarroako ikastolen artean,
tokian tokiko eta unean uneko beharren arabera. Bakoitzaren egoera eta
izaera izaten dira urte bakoitzean logoa eta leloa markatzen dituztenak.
Egun bateko jaia bada ere, urte osoan zehar beste zenbait kirol eta kultur
ekitaldi izaten dira. Beraz, urte osoko lana izaten da ikastolako ehundik
gora gurasok buru-belarri aurrera eraman beharrekoa. Izan ere, gurasoak
batzorde desberdinetan antolatzen dira: ekonomia-batzordea, babesleena,
komunikazioa, grafismoa, osasun batzordea, ibilbidea, segurtasuna,
ostalaritza eta salmentak, eta muntaia, langileak eta jarduerak. Eta Oinez
egunean, aldiz, bi mila bolondres lagun izaten dira prest ikastolen jaia
antolatzeko.
Altsasuko lehenbiziko Oinez hari erreparatuz gero, nabarmen aldaturik
agertzen zaizkigu, beraz, bai jaia bera, bai ikastolak, bai gizartea oro
har. Aurrerapausoak eman ditugu irakaskuntzaren kalitatean, pedagogian,
giza-baliabide eta bitartekoetan. Alabaina, handitze horrek hain zuzen,
instalazioak egokitzeko premia ere ekarri digu. Horrexegatik, 2009. urte
honetan, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolari iritsi zaio, berriz ere,
ikastola guztien jai erraldoia antolatzeko txanda.

|
Zer
da Nafarroa Oinez-a
Atzerritarrek Oineza zer den jakiteko. Egilea: Jesus Iribarren
Itzultzaileak: Iosu Gambra eta Juan De la Vega
|
|