|
Leloaren
azalpena:
2009ko Oinezen
mezua gure leloak biltzen du: TXIKIAK HANDI.
Andra Mari ikastola txikia da. Ikastola osatzen duten herriak ere txikiak
dira. Gure herrialdea (Euskal Herria) txikia da. Eta nola ez, gure
hizkuntza, euskara, hizkuntza gutxitua da.
Baina txikiak izanda ere sendoak gara, indartsuak, eta etorkizun
handikoak. Gure ikastolak, esate baterako, 40 urte bete ditu, eta 3. Oinez
du hurrengoa. Oinarri sendoak dituen ikastetxea gara, beraz, eta gure
proiektuak sustrai zabalak ditu. Txikiak handi
da gure leloa. Txikiak kopuruetan eta bitartekoetan, baina handiak
ilusioetan eta asmoetan.
Eta horixe izango da gure Oinez: txiki indartsuen bozeramaile. Bere
txikitasunean handiak diren horien ordezkari. Eta kontzeptu hau hizkuntz
minoritario eta minorizatuei lotua gauzatuko dugu. Gizarte
globalizatu honetan handiek besterik ez dute tokia (ingelesa, gaztelania,
txinera…). Baina, guk hizkuntza txikien aldarria eginen dugu mundu
zabalean. Txikiak izanda ere indartsuak garelako, eta 4 haizetara hedatu
nahi dugulako gure izana. Oraingoan Europako hizkuntza txikien enbaxadore
izanen gara: asturiarra, katalana, galegoa, aragoiera bretoia, sardoa,
okzitanoa, gaskoia, galesa, gaelikoa…
Mezua edo filosofia hau ikastoletako festen esparruan berritzailea dela
iruditzen zaigu. 4 hamarkada daramagu euskara aldarrikatzen gure buruari
begira. Bada garaia salto kualitatibo bat emateko. Gure Oinez hau
“nazioarteko” bihurtuko dugu. Hau da, nazio eta herrialde txikien
sarera kokatuko dugu gure burua., txiki askoren loturak indarra ematen du
eta.
Eta hau guztia gauzatzeko harremanetan gaude Europako hizkuntza txikietako
ordezkariekin, hainbat proiektu bultzatuko dugu.
Logoaren
azalpena:
2009ko Nafarroa
Oinezek protagonista paregabea dauka: ARGIÑE ipurtargia:
gure maskota xarmangarria. Eragin.com enpresako Martin
Etxauri · Txo?! marrazkilariak diseinatua da. Ipurtargia
aukeratu dugu gure mezu eta proiektuaren sinbolo gisa, besteak beste,
bertakoa delako, atsegina, jatorra, maitagarria eta berezia delako.
Atsegin zaigu, eta xamurtasuna eragiten digu.

Beste alde batetik,
ipurtargia bat dator Oinez 2009ko mezu orokorrarekin: Txikiak Handi.
Txikia da, baina berezko argia du basoko iluntasunean. Ikastola bezala
intsektu horrekin identifikatzen gara, haren txikitasunean indarra,
ilusioa eta argitasuna irudikatzen baitu. Guk bezala, ez du ezeren
beharrik nabarmentzeko eta distiratzeko handi eta indartsutzat jotzen
ditugunen aurrean. Denok ezagutzen ditugu ipuinak edo istorioak, non
ipurtargia azkenean irabazle suertatzen den edo erregina bezala bukatzen
den bera baino handiagoak diren basoko animalien (sugearen, otsoaren, eta
abarren) aurrean. Eta halaxe da beti bidea erakusten dion argi bat
daukalako.
Ipurtargiak, gainera, oso ongi adierazten du Oinez 2009an landu behar den
gai nagusia: HIZKUNTZA GUTXITUAK. Ipurtargiaren 2000 espezie inguru
sailkatu omen dira, gutxi gorabehera, hau da, munduan dauden hizkuntza
gutxituen kopuru berdina. Hizkuntza horiek ipurtargi txikiak dira,
hizkuntza-globalizazioaren iluntasunean berezko argitasunez distira egiten
dutenak, itzali nahi diguten argitasuna. Aurre egiten diete gaueko
neonen inbasioari eta argiaren kutsadurari, denak berdin izatea nahi duen
horri, inork berezko distira izatea nahi ez duen horri.
Argiñe
maskota: logotipo bat baino gehiago
Argiñe ipurtargia,
2009ko maskota zoragarria da. Dirdiratsu eta alaia da; bizi-bizia,
hitzontzia eta maitagarria. Gauza asko dakizki, eta han eta hemen ibiltzen
da istorioak kontatzen. Lagun handiak ditu ikastoletan, eta ikastoletatik
kanpo. Asko gustatzen zaizkio hizkuntzak. Izan ere, badaki hizkuntza
askotan Kaixo neska-mutilok! esaten. Eta gehien gustatzen
zaizkionak hizkuntza txikiak dira, euskara bezalakoak. Jakina! Bera ere
txiki da eta!
Argiñe ipurtargi kume emea da. Eta gainontzeko ipurtargiek bezala argi
bat dauka atzeko aldean. Beraz, bere handitasuna horretan datza: argi
horri esker urrutitik ikusten zaio, eta nahi duenari bidea argitzen dio
atzetik joateko.
Toki askotan ikusiko dugu Argiñe maskota, Oinez jaialdiari lotutako
jardueretan, bazterrak alaitzen, eta gure mezua zabaltzen.

|